literaturaren zubitegia

1.063 idazle / 5.119 idazlan
7.828 esteka / 6.319 kritika / 1.828 aipamen / 5.567 efemeride

A
B
C
D
E
F
G
H
I
J
K
L
M
N
O
P
R
S
T
U
V
W
X
Z

Solasean

111 Akademia, 2015-02-24
[iturburua]
Unai Elorriaga:
«Fusilamendu baten bideoa ia bost milioi lagunek ikusten dute»

Irakurle askok gogoan izango dute oraindik Unai Elorriagari (Algorta, 1973) Narratibako Espainiako Sari Nazionala eman zion SPrako tranbia hura, haren ostean beste hainbat eleberri ere ondu dituen arren. 2014aren amaierak Susa argitaletxearen eskutik ekarri digu bere lan berria, Iazko hezurrak.

“Entziklopedia txiki bat ere bada liburu hau”, dio irakurle batek zure lanari buruz. Bilketa lan itzela egingo zenuen, noski…

Bai. Zenbait gauza lehenagotik ere ezagutzen nituen. Baina horiek liburura ekartzeko erabakia hartzean oinarri sendoa behar duzu, ezin duzu erdi entzunda daukazun horrekin gelditu. Hortaz, tontakeria dirudien zerbait idazteko bi edo hiru liburu irakurtzen nituen, idazten ari nintzenaz seguru egoteko eta testuinguru hori ondo barneratzeko. Askotan izan dut ur handitan sartzen ari nintzen sentsazioa, baina behin sartzen hasita, aurrera egin behar. Eta azkenean, gauza asko eta asko ikasteko modua eman dit Iazko hezurrak idazteak. Informazio bila liburu batetik bestera ibili naiz: Ruandako gertakarien inguruko datuen bila ari nintzela egile batek Somalia aipatzen bazuen, Somaliari tiraka hasten nintzen, eta hara iritsi eta beste norabait ninderaman hariak.

Datu bilketa handi horren ostean sintesia egin beharra izango zenuen, hortaz. Zeren arabera hautatu dituzu liburura ekarri dituzun gertakariak?

Hasieratik garbi neukan gauza jakin batzuk kontatu behar nituela, baina kontatu nahi nituen horiek protagonistaren bizitzarekin lotu behar nituen. Horretarako, trikimailu moduko bat erabili dut kasu batzuetan: kontatu nahi nuena kontatzeko Irene Arriasen bizitzako puntu batera jo dut, horri tiraka hasi naiz eta, hala, interesatzen zitzaidan sasoi horretara iritsi, buruan nuen hori kontatzeko. Eta trikimailu hori bera alderantziz ere erabili dut: 1983ko martxoan gertatu zen zerbait kontatu nahi banuen, Irene Arriasi data horretan gertatutako zerbait asmatzen nuen eta horrek nahi nuen garaian kokatzen ninduen.

Ez da erraza liburu hau genero batean edo bestean sailkatzea, hori egiteko beharrik baldin badago, noski…

Normalean ez diot horri jaramon handirik egiten. Beti iruditu izan zait unibertsitatean eta inguru akademikoan gauzak sailkatzeko modu bat dela generoena; eta argi dago irakasle batek halako autoreren liburu mota batzuk eta besteak erakutsi behar baditu, sailkapenen bat behar duela. Niretzat literatura literatura da. Badira oso poetikoak diren prosak, baita oso  arratiboak diren poesiak ere, Sarrirena, adibidez. Eta nobela batzuetan saiakera zantzu garbiak aurkituko ditugu. Hori akademikoentzat ondo dago, baina nik uste dut sortzaile batek zer kontatu nahi duen eta horretarako zer behar duen jakin behar duela, inolako beste sailkapenik gabe. Izan ere, zuk zerbait kontatu nahi duzunean horretarako modu bat hautatzen duzu: estiloa, tonua, erritmoa, pertsonaia motak. Egiten ari zarena literatura sortzea da, barruan daramazun zerbait kontatzea. Nik, behintzat, erabat beharraren arabera egiten dut hori, genero batean edo bestean kokatzen ari naizen begiratu gabe. Horrek berdin dit.

Eman zioten azterketa (Ireneri), galderak irakurtzen hasi zen, arin irakurri zituen, hutu asko Europara begira zegoen momentu berean, errefuxiatuen kanpamentuetan, Estatu Batuetara begira. Halako esaldi ugari dago liburuan, eta irakurleari gogoetarako bide ematen diote: “Ni zera egiten ari nintzen bitartean munduko beste txoko hartan sekulakoak gertatzen ari ziren…”…

Hori oso ikuspegi ederra da, azken batean, irakurle guztiz aktiboa baita gogoeta hori egiten duena. Nik beti diot irakurle aktiboa bilatu nahi dudala, hausnarketa egin dezan. Irakurleak bere burua Ireneren tokian jartzea eta unibertso hori bere sentitzea oso ikuspuntu ederra da. Ireneren bizitzako pasadizoak gertakari errealekin uztartzen diren egoera horiek guztiz bortxatuak daude batzuetan. Baina hori neuk bakarrik dakit, atzean dauden loturak neuk bakarrik ezagutzen ditut. Irakurleak modu natural eta sinplean jasotzeko, atzean dagoena konplikatzeko edo sakonera jotzeko joera izan dut. Ez dakit gero zenbaterainokoa den lorturiko sakontasuna, eta zein neurritaraino jaso duen irakurleak hori modu naturalean.

Irenek indarkeria gertakariak irakurtzen edota ikusten pasatu du bizitza, dela garai bateko kantuetan, dela youtubeko bideoetan. Liburuaren amaiera ezagututa, pentsa al liteke nolabaiteko bekatua egin duela eta bueltan zigorra etorri zaiola?

Bai, neurri batean badauka zentzu hori, bai, azkenean, bera ikusten aritu dena bueltan etorri zaiolako. Hasieran batean Irenek ikusitako gertakari horiek guztiak sartu nahi nituen azken atal horretan, baina astakeria bat izango zen hori. Indarkeria gertakariak urrunetik ikusteko jarrera hori, erosotasun hori, nola edo hala edozein momentutan urra daitekeela adierazteko asmoa banuen, oso hari fina dela. Beti aipatzen dugun moduan, 1937an juduak jauntxoak bezala bizi ziren Europan, eroso: aberatsak ziren, luxuzko etxea zituzten, zerbitzariak, autoak… Eta pentsa zer gertatu zitzaien egun batetik bestera! Beti eduki dut pentsamendu hori, alegia, interesak aldatzen direnean, izan ekonomikoak, sozialak edota politikoak, edozein unetan atzera buelta bat egon daitekeela eta zuk kanpotik ikusi duzun eta hain urruna iruditu zaizun hori guztia jasan dezakezula. Beti izan dut paranoia hori.

Eta atzera buelta hori baletor…

Arratian esaten da situaziñoan ezagutzen dela pertsona. Eta egia da. Gauden tokitik gauzak komentatu eta ondorioak atera ditzakegu, esan dezakegu “begira kontzentrazio esparruetan ibili ziren kaboek nola tratatu zituzten presoak…”, adibide bat jartzearren. Bai, egon zaitez hor. Eta gu kabo horien tokian egon bagina? Kapaz izango al ginateke pertsona bat hiltzeko? Printzipioz, gure ikuspuntutik, ezetz esaten dugu. Baina egon zaitez hor familiarekin, umearekin, eta datorrela norbait. Nik ez nuke sekula esango kapaz izango ez nintzatekeenik. Are gehiago, seguru nago pertsona bat hiltzeko gai izango nintzatekeela. Ez naiz halako egoera batean egon, zorte hori izan dut, baina seguru nago kapaz izango nintzatekeela. Beti daude salbuespenak, pertsona onak, ia santuak direnak. Baina horiek salbuespena liratekeela uste dut.

Liburuak agerian uzten du zer gaitasun gutxi dugun esaten digutena zalantzan jartzeko: adibide bat jartzearren, nor diren soldaduak eta nor terroristak…

Eta hemen, bizi izan dugun egoeragatik, baliteke zalantza egiteko gaitasun gehixeago izatea. Hemendik kanpokoentzat ETAkoak terroristak, gaiztoak eta psikopatak dira. Gerrillariak deitzen zieten hasieran, gero talde armatua ziren eta azkenean terroristak. Indar politikoek eta periodistikoek bat egiten dute terroristak izan daitezen. Beste adibide bat jartzearren, gerra aurretik errusiarrak lagunak ziren eta gero, etsaiak. George Orwellen 1984 eleberrian oso ondo ikusten da hori. “-Orain noren aurka egin behar dugu borroka? —Asia-Amerikaren aurka. —Ez, orain gure etsaiak Ozeania-Asia dira”. Orain islamdarrak omen dira gure etsaiak eta, auskalo, berrogeita hamar urte barru beharbada gure lagunak izango dira eta txinoen aurka egingo dugu orduan.

F. Mayor Zaragozak, hamabi urtez Unescoko zuzendari nagusi izandakoak, esaten du historia osoa indar erakustaldia izan dela, ‘erakustaldi odoltsua’, mendeetan herritarrek beren bizia eman behar izan dutela agintean daudenak defenditzeko. Soldaduak gizabanako ez-funtsezkoak dira beraz, hogeita bat urteko umeak batez ere, eta bizitzarako eskubidea galdu dute, diozu liburuan. Hildakoak eta hildakoak ere badaude…

Bai, banaketak egiten dira. Soldaduak eta ez soldaduak, eta emakumeak eta umeak… Eta hil den 19 urteko soldadu hori zer da? Soldadua bada, jada ez al da pertsona? Edo emakume baten bizitzak gehiago balio al du 19 urteko soldaduarenak baino? Edo ume batenak? Beti sartu izan diguten zerbait da hori. Horra bideraturiko pelikula eta nobela asko dago, soldaduak eta militar mundu hori goraipatzera. Beti agertzen dira uniformeekin, euren galoiekin, oso guapo. Hori oso sartuta daukagu, eta oso bitxia da. Unibertsitateko irakasle batek gerra justuak aipatzen zituen, zein diren gerra justuak eta zein ez. Terroristena ez omen da gerra justua, baina ez dakit nork interes ekonomiko edo politiko batzuen izenean erabakitakoa, hori bai, hori gerra zuzena omen da. Unibertsitate batek argitaratu egin zion, gainera, liburua. Ezin izan nuen amaitu, adar-jotze bat iruditzen zitzaidalako. Berak normaltzat jotzen zuen, ordea, nor hil daitekeen modu justuan eta nor ez.

Tolkienek ez zuen parte hartu (batailan), zortea izan zuen, zortea izan genuen, dio liburuko beste pasarte batek. Zer galdu ote dugu gerren ondorioz?

Seguru nago mundu gerretan Nobel sari pila bat hil zirela, nork daki, beharbada minbiziaren aurkako sendagaiak asmatuko zituztenak, baina gerran hil ziren eta ez zuten horretara iristeko ikerketarik egiterik izan. Gizateriak izugarri galdu du. Bestalde, 18 urte inguruko gizonak ziren batez ere gerrara joaten zirenak; jaio gabeko zenbat ume ote dago? Zer galdu da hor? Uste dut badela ipuin bat, Marneko batailan hildako baten bizitza aldatzen duena, hil ez balitz zer gertatuko ote zen, zenbat seme-alaba izango zituen, horiek norekin ezkonduko ote ziren… Oso interesgarria da.

Hainbeste erakartzen ote gaitu indarkeriak?

Fusilamendu baten bideoa ia bost milioi lagunek ikusten dute youtuben, eta hori ez da debalde. Balada eta erromantze zaharretan indarkeria kasu oso bortitzak kontatzen dira, bortxaketak, hil ondorengo bortxaketak… Toki guztietan gertatzen da hori, gainera, Euskal Herrian, Espainian, Frantzian edota Eskandinabian. Euskaraz jaso ditugun baladen kasuan, XIV-XV. mendeko hamazazpi inguru iritsi zaizkigu, eta horietatik hamabost indarkeriarekin lotutakoak dira, oso gogorrak gainera. Nik ez dut sinesten garai horretan hamazazpi balada bakarrik sortu zirenik, ehunka sortuko ziren, baina heldu zaizkigunak horiek dira. Zerbaitengatik izango da hori.

 

Bilaketa